Blogari hasiera nahikoa tonu negatiboan eman nion, lehen eguna kaotiko xamarra zela bainioen. Egia esan, kurtsoa bera kaotiko xamarra izan da, baina, azkenean, errepaso orokorra eginez, IKTetan pixka bat gehiago trebatu garela onartu beharra daukat. Izan ere, egin ditugun lanak, programa desberdinak ezagutzeko aitzakia besterik ez dira izan, programa erabilgarriak, irakasle izango garen neurrian tresna baliagarriak eta ezagutu beharrekoak. Metodologiari dagokionean, taldekako lanez gain (Eskolen arteko konparaketa, aurkezpena, murala, manifestua eta manifestu-bilduma), eguneroko lan pertsonala egin behar izan dugu eta hau izan da agian, gehien kosta zaidana, ez zailtasunak nituelako, motibazio falta handia nuelako baizik; kurtso amaiera eta karrera amaiera izanik, bukaera oso motela izan dut eta ikasgai honetan ere nabaritu dut, teknologia berriak ez baitira nire gogokoenak. Kontuak kontu, egunerokoaren bidez ikasgaiaren nondik norakoak deskribatu ditut, batzuetan egindakoa azalduz eta bestetan izan ditudan sentipenak adieraziz.
Ikusi ditudan programei dagokienez, guztiak izan dira interesgarriak irakaslearentzako lanabes gisa erabiltzeko, hala nola, Google.Doc, Scribd, Prezi eta Glogster. Bestalde, Eskola 2.0 programari buruzko informazioa ere kuxkuxeatu dut, prakatikaldian nengoela eskolan programa hau zela-eta, Eusko Jaurlaritzarekin sortutako liskarraren morboak eraginda.
Halaber, aste hauetan zenbait hausnarketa egiteko beta ere hartu dugu, bai IKTek egun duten indarraren inguruan, eskoletan noiz eta zertarako erabili beharko liratekeen taldetan eztabaidatuz, baina baita teknologia-tresnen erabilera mugagabeaz eta hauen etengabeko berrikuntzak sortutako hondakinen ondorio larriez ere, azken honetarako bideo luze baina interesgarria txertatuz. Teknologia berriak bai, baina helburuak zehaztuta eta inoiz ez interes ekonomikoen mesedetan, noski, erabilera jasangarria eginez, eta ez egun egiten dugun bezala, erosiz,botaz, erosiz.
Zerbait faltan botatzekotan irakaslearen interbentzio mugatua izan da. Metodologia librea erabili dugu, erritmoa norberak edo taldeak jarriz eta alde horretatik ez dut inolako erreparorik, autodidaktak izan gara eta hori ere behar dugu. Laguntza behar izan dugunean ere prest egon da gurekin tutoretzetan biltzeko eta eskertu dugu, baina programa desberdinak ikasten egon garenean eta laguntza behar izan dugunean, batzuetan ez du jakin izan laguntza hori ematen ez zuelako programa hori menperatzen. Kritika konstruktiboa besterik ez da, uste baitut ikasleei zerbait irakasteko, lehenik irakasleak berak ikasi behar duela irakatsi nahi den hori.
Kontuak kontu, ikasgaiak bere fruituak eman ditu, horren isla garbia bloga hau sortu eta eraiki izana da, baina baita maiatzean zehar Lugaritz Kultur Etxean ikusgai dagoen erakusketa ere, animatu eta joan ikustera!
No hay comentarios:
Publicar un comentario