HHk afektibitatea, autoestima, konfidantza edo ziurtasuna, ahozko hizkuntza, ingurune hurbilaren ezagutza eskuratzea badu helburu, eta hau sentipenen, emozioen eta kontaktuaren bidez egin behar dela sinesten badugu, IKTek nekez eskainiko dizkigute bizipen horiek. Benetan beharko dena kalitatezko giza-harremana izango da. Honekin ez dut esan nahi IKT guztiak baztertu beharko genituzkeenik. Aitzitik, argazki eta bideo kamera aberasgarriak iruditzen zaizkit haurren gaitasunak eskuratzeko prozesuaren uneak irudikatu baitaitezke, edo beraiek partaide diren produkzioak grabatu baitaitezke ondoren horri buruzko lanketa ahalbidetuz. Musika-aparatuak ere egokiak dira harremanetan sakontzeko, kultura ezagutzeko, e.a. Baina ordenagailuen mundua kurrikulumean txertatzea gehiegizkoa iruditzen zait, jolasteko bada ere. Izan ere, haurrei ordenagailua oso erakargarria zaielarik, behin eta berriz eskatuko dute; ez dut esaten oso noizean behin gelan erabiliko ez nukeenik (beraien interesak ere kontuan hartu nahi badira, behintzat), baina benetan, pertsona gisa garatzeko bidean sistematikoki haurrak ordenagailu aurrean jartzea baino lehentasun garrantzitsuagoak badaudela iruditzen zait.
Beraz, ordenagailua, oro har, LHtik gorako mailetarako utziko nuke, beti ere, erabilera-maiztasuna kontrolatuta eta helburuak argi izanda.
Gainerakoan, ordenagailuak irakaslearentzako tresna izan behar luketela uste dut, irakaskuntza-prozesuan lagungarri izango baitira eta prozesua bera aberats baitezakete. Honek, irakaslea IKTetan eguneratua egotea eskatzen du eta erabili nahi duen baliabidea behar bezala erabiltzen jakitea oinarrizkoa izango da.